16 URTE


Bada adin bat. Adin bat, non kaxetan mimoz gorde zenituen ikastolako liburuak botatzea erabaki duzun eta koadernoetan idatzitako testuen artean, gaur egun zarena bilakatu zintuen lezioaren, ariketaren, traumaren bila zabiltzan. Adin bat, zeinetan lagunekin parrandan atera ala negar egiteko gai zaren eta familia guztia geratzeko egun bat jartzea geroz eta zailagoa ari den bihurtzen. Tamalez,  etxeko nagusiak hiltzen hasten diren adina da.


Bada adin bat, gurasoekin behingoz konfiantzaz beteko harreman estu eta orekatu bat izan beharko zenukeen arren, zalantzarik gabe,  ezin duzuna beraiekin lehen bezala  denetaz hitz egin eta egunero jasotzen dituzula haien bronkak. Baina aldi berean, behar duzunerako ondoan izango dituzula argi daukazu. 


Bada adin bat, non adin horretarako egin nahi zenituen gauzen artean ez duzun ia bakar bat ere egin; halaber, non lau urte lehenagoko zure zuak imajinatzen zintuena ez bezalakoa zaren; are gehiego, non duela lau urteko zure zua askoz irribarretsuagoa iruditzen zaizun, urre koloreko azalez, etengabeko inozentzia udatiarrean antza.


Adin bat, urteroko parranda seinalatuek geroz eta ilusio handiagoa pizten dizutena eta, ondorioz,  udaran nahiago duzuna etxean geratu oporretan  gurasoekin joan baino. Adin bat, non aspaldiko Instagrameko  argazkiak begiratzera zoazen eta guztiz lotsatzen zaren.  Etorkizunean Izango duzu adin bat non gaur egun  jarritako gauzekin gorri jarriko zaren. 


Adin bat, oraindik arazoei ihes egiten harrapatzen duzuna zeure burua; bikote harreman guztien hasiera eta amaiera oso antzerakoak iruditu dakizkizukeena; “oraintxe duzu ikasteko sasoirik onena” esaten dizutenek estresatzen zaituztena; Nola izan liteke sasoirik onena, oraindik ez badakizu benetan gustatzen zaizuna ere zer den? 


Adin bat, non kontu politikoetan interesatzen hasten zaren eta zure betiko lagunen ideologikoa politikoak beraiengandik urruntzen zaituena eta, aldiz, orain arteko ezezagunak zirenekin batzen zaituena. 


Adin bat, edozein adin izan daitekeena, zurea, nirea. 



ESTE SITIO FUE CONSTRUIDO USANDO